Zumaia bizitzeko da.

Gobernu Planean jaso ditugun proiektu guztiek, oinarri sendo batzuei erantzuten die. Bi gidalerro nagusi definitu genituen joan den legealdian, eta egiteko bestelako modu bat.

Horien gainean lanean jarraituko dugu aurrerantzean ere, erronka estrategikoei begira pausoak emanez, eta eguneroko bizitzako beharrei erantzunez. 

Zumaia, herri bizigarria.

Bizitzeko modukoa den Zumaia eraiki nahi dugu, eta horretarako ezinbestekoa da politika publiko sendoak oinarrian jartzea. Gure helburua zumaiar guztien bizi-baldintzak duinak lortzea da, inor atzean gera ez dadin ziurtatuz. 

Enplegua sortzeko, tokiko ekonomia indartzeko eta etxebizitzaren egoera aldatzeko lan egingo dugu, eta, parez pare ditugun erronkei erantzuteko politikak diseinatzen eta martxan jartzen hasi (zaintzaren gaiari lotutakoak, esaterako). 

Horrekin batera, pertsonen eguneroko bizitzak hobetuko dituen neurriak jarri nahi ditugu martxan, eta, horregatik, herritarra protagonista den hirigintza eredua sustatuko dugu.

Zumaia, herri bizi eta hezitzailea.

Euskaraz bizi den herri bizi eta hezitzailea da gure bigarren gidalerro nagusia. Pertsonak, komunitatea eta ingurumena modu dinamiko eta jasangarrian heztea, haztea eta bizitzea ahalbidetuko duen Zumaia bat nahi dugu.

Horretarako, Zumaiak guztion bizitzak aberastuko dituen hezkuntza, kultur eta kirol jarduera eskaintza aberatsa izan dezan lanean jarraituko dugu. Gainera, arlo horiek modu isolatuan ulertu beharrean, elkar-elikatu dezaketen esparru moduan landuko ditugu (kirolaren bidez euskara sustatuz, adibidez).

Aipatu arlo horiei lotutako neurriak hartzeaz gain, espazio publikoa eraldatu, eta, kalean, herritarren topaleku berriak sortu nahi ditugu (Komentuko Kultur Topagunea, edota Marianton parkea, adibidez).

 

Egiteko beste modu bat.

Guzti hori herritarrekin batera, gertutik, parte hartzeari garrantzia emanez eta feminismoa moduko politika transbertsalak aplikatuz egiten jarraituko dugu. Kolore moreak gure lan egiteko modua islatzen du.

Herritarrekin, elkarteekin eta bizilagunekin lankidetza estuan arituko gara aurrerantzean ere. Elkarrekin lan egingo dugu ahots guztiak (haurrenak, adinekoenak, emakumeenak, desgaitasunak dituztenenak…) entzuten dituen Zumaia eraikitzeko.

Horrekin batera, kogobernantza eredu berrietan sakontzen jarraituko dugu. Emakumeon* Etxean izandako esperientziak erakusten digu instituzioen eta elkarteen arteko elkarlanaren bidez politika publikoen eskua urrutiago iristen dela. Martxan jarriko ditugun proiektu berrietan ere antzeko formulak sortzeko lan egingo dugu.

Oinarri horien gainean 90 proiektu eta ekimen zehatz definitu ditugu. Irakurri guztiak hemen.